Kategoriak
Medios

Asel Luzarragak Txileko bere etxean beteko du atxiloaldia, epaiketa hasi bitartean

2010/02/11 Branka

Urtezahar egunetik Txilen espetxeratuta dagoen Asel Luzarraga idazle eta musikariari Bilbotarra etxeko atxiloaldia ezarri dio Txileko Bermeen Auzitegiak. Armen eta Lehergailuen Legea urratzea egotzita, Temucoko kartzelan izan da urtarriletik, Fiskaltzak ikerketa amaitzeko zain. Luzarragaren abokatu Jaime Madariagak eskatuta, atxiloaldia Txileko etxean bete dezan onartu zion epaileak atzo, eta berehala atera zuten kartzelatik. Idazlea behin betiko aska dezaten eskatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar Bilbon, Plaza Biribilean, 20:00etan.

Iazko abenduaren 31n atxilotu zuten Luzarraga, Padre de las Casas herriko bere etxean, La Araucania eskualdeko Justizia Auzitegiaren aurka egun horretan izandako atentatu saio batekin eta beste hiru erasorekin lotura izatea leporatuta. Poliziaren arabera, lehergailuak egiteko materiala topatu zuten etxea miatzean. Hasieran Txileko Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zioten, baina egozten zizkioten atentatuak gertatu ziren egun batzuetan herrialdetik kanpo zegoela eta, akusazioa aldatu zuten, eta lehergailuak edukitzea leporatu zioten. Urtarrilean, epaileak hiru hilabete eman zizkion fiskalari ikerketa amaitzeko, eta bitartean Luzarraga espetxean mantentzeko agindua berretsi zuen.

Bada, atzoko ebazpenaren ondotik, epaiketa egin arte etxean atxilotuta egongo da Luzarraga, Padre de las Casasen. Hasieran behintzat, ez diote telefonorik eta ordenagailurik edukitzen utziko. Epaiketa apirilean has daiteke, baina oraindik ez du egun jakinik. Edonola ere, Luzarragaren gertukoek «zantzu positibotzat» hartu dute etxeko atxiloaldia ezarri izana. Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko lehendakariak gogora ekarri duenez, «arriskutsua zelakoan espetxeratu zuten Asel, eta etxeko atxiloaldiak esan nahi du jadanik ez dutela hain arriskutsutzat hartzen». Luzarragaren aurkako akusazioak ahulduz joan direla ikusita, eta atzoko erabakia kontuan hartuta, «itxaropentsu» agertu da Mintegi epaiketari begira.

Ibilbide oparoa

Hamaika ispilu ganbil (2003), Karonte (2005), Mozorroaren xarma (2007) eta Abaraska (2008) liburuak argitaratu ditu Asel Luzarragak euskaraz. Horretaz gain, Euskal PEN Klubeko zuzendaritzako kidea da, eta nazioarteko PEN Clubeko Writers for Peace (Bakearen aldeko idazleak) batzordean jardundakoa. Punkamine musika taldeko abeslaria izan zen, eta itzulpengintzan eta irakaskuntzan ere lan egin izan du.

Maputxeen lurraldetasun eskubideen alde egindako lanagatik ere ezaguna da Luzarraga Txilen. Hain zuzen, gertukoek uste dute aldarrikapen horiek isilaraztea duela helburu atxiloketak. Hori dela eta, Luzarraga aska dezaten eskatzeko mobilizazioak egin dira Euskal Herrian, zein Argentinan eta Uruguain. Luzarraga libre uzteko eskatzeko, sinadurak biltzen ari dira www.aselaskatu.org webgunean.

Berria-tik hartutako albistea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude