Asel Luzarraga terrorista? Mesedez!

2009ko abenduaren 31n Txileko Poliziak, Karabineroek, Asel Luzarraga euskal idazlea atxilotu zuten Araukaniako Padre las Casas hirian zeukan etxean.

Asel Luzarraga Buenos Airesen zegoela ezagutu zuen neskarekin -Vanerekin- bizitzeko iritsi zen Temukora, 2009ko martxoan. Hango egoera ezagututa, bere arma erabili zuen, hitza, bere blogean hausnarketa batzuk egiteko, bai euskal anarkismoari, bai maputxeen egoerari buruz.

Bizimodu lasaia zeraman Temuko inguruan, egun batean, ezustean, Karabineroak bere atean agertu arte. Haren etxea miatzeko agindu bat zekarten, Temukoko epaile batek ahoz emanda, eta beste azalpenik gabe ekin zioten, Asel bakarrik zegoela, egongela ez beste geletan egiten zutena ikusteko aukerarik eman gabe. Azkenean, albistea iragarri zioten: atxilotuta zegoen agenteek Asel eta Vaneren logelan aurkitutakoagatik: armak eta lehergailuak.

Esan bai, baina arma eta lehergailu horiek ez zizkioten inoiz erakutsi, eta kartzelan zegoela ikusi zituen lehen aldiz, Fiskaltzaren karpetan, Karabineroek logelako armairuaren gainean jarri zioten poltsaren argazkiak. Poltsaren barruan, su-itzalgailu bat, 7 gramo bolbora, metxa batzuk, pizgailu bat eta zenbait torloju.

Hasieran lau zarata-bonba jarri izana leporatu nahi zioten, baina berehala geratuko zen agerian akusazio horrek ez zeukala funtsik, haietako bi Santiagon jarriak baitziren, 2008an, Aselek Txile inoiz zapaldu baino lehenago, eta hirugarren bat Temukon, Asel Euskal Herrira itzulia zen bitartean, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokara.

Atxilotu eta berehala, elkartasun oldea iritsi zen Euskal Herritik, eta jende asko mobilizatu zen Txilen bertan eta Argentinan ere. Euskal PEN Klubak hartu zuen kasua bere gain, eta senide, lagun, idazle, musikari, antimilitarista eta anarkistekin batera, sona handiko izenak ere agertu ziren haren alde, hala nola Adolfo Pérez Esquivel Bakearen Nobel Sariduna, Ariel Dorfman txiletar antzerkigilea eta Unai Elorriaga euskal idazle eta Espainiako Narratiba Sari Nazionalaren irabazlea.

Ez zegoen zalantzarik: Asel Luzarragaren jatorria eta ideiak kriminalizatzeko muntaia bat baino ez zen dena, Txileko komunikabideek etengabe errepikatzen zutela, terrorismoaren zantzu argiak balira bezala, Asel euskalduna, anarkista, punka eta maputxeen laguna zela.

Gorabeheraz betetako prozesu batean, Temukoko epaitegiak kondenatu egin zuen Asel azkenean, zigor oso laburra ezarrita, 220 egun, ordurako beteta zeuzkanak. Azken finean, Aselen aurkako jazarpenak helburu argia izan zuen hasieratik: lekuko deseroso bat Txiletik kanporatzea. Asel atxilotu eta zazpi egunera zeukan Barne Ministroak idazlea kanporatzeko agindua sinatuta, Asel libre geratu arte ezin bete zena.

2010eko urrian Euskal Herrira itzulita, neurri batean libre, baina aurrerantzean justiziaren begietan lehergailuak egiteko materiala edukitzeagatik kondenatua, 2011n Jaime Madariagak, Aselen abokatuak, demanda aurkeztu zuen Txileko estatuaren aurka Amerika arteko Giza Eskubideen Batzordean (AGEB).

Prozesu luzeak dira halakoak, eta 2019ko abendura arte ez zen iritzi AGEBren lehen ebazpena, kasuaren onargarritasunaren aldekoa, Asel Luzarragaren giza eskubideen urraketaren zantzuak ikusita, abokatuak aurkeztutako argudio guztiei arrazoia emanda.

Bitartean, Aselen alde jokatu zuten beste gertakari batzuek: Amerika arteko Giza Eskubideen Gorteak Asel kondenatu zuten hiru epaileetatik biren aurkako epaia eman zuen, Txileko estatua kondenatuz, Aniceto Norín eta Pascual Pichun maputxe lonkoen auzian arrazakerian oinarritu zelako haien kontrako kondena. Halaber, 2018an, Huracán operazioaren barruan, Ministerio Publikoak Sergio Moya fiskala eta Karabineroetako zenbait agente auzipetu zituen oraindik zabalik dagoen kasuan, maputxeen kontrako muntaiak prestatzeko sare bat osatzea leporatuta. Kasualitatez, Sergio Moya izan zen Aselen kontrako auzia gidatu zuen fiskala, eta auzipetutako Héctor Carrasco kapitainak eta Patricio Marín Lazo eta Marco Gaete Truán agenteek zuzendu zuten Aselen etxearen miaketa eta haren aurkako muntaia. Argi geratzen zen maputxeei sistematikoki aplikatzen zieten protokolo bera ezarri ziotela Aseli, idazlea kriminalizatu ahal izateko.

AGEBk kasua onartuta, ordea, urrun dago auziaren amaiera. Erronka berria dator lehen garaipen horren ostean: funtsaren gaineko fasea. Fase luzea, nekeza eta garestia, munduan justizia lortzea ez baitago poltsiko guztien eskura. Aurrera egitea, kasua Amerika arteko Giza Eskubideen Gorteraino iristea eta irabaztea funtsezkoak dira, Aselen absoluzioa lortu eta haren izen ona eta aurrekari penalak garbitzeko ez ezik, baita Txilera itzultzeko eskubidea berreskuratu eta Interpolen zerrendatik irteteko, 2019ko otsailean horren ondorioak ezagutzea tokatu baitzitzaion Aseli Argentinara itzuli nahi izan zuenean. Edozein aduana zeharkatzeko aurrerantzean zain izango duen Damoklesen ezpata.

Aselen kasua ez da Txilen dagoen larriena. Txileko estatuaren curriculum errepresiboa luzea bezain odoltsua da. Ondo dakite maputxeek eta anarkistek, eta 2019ko urriaren 18tik, ondo dakite txiletar guztiek. Estatu-terrorismoa izan da Txileko gobernuaren arma kutuna disidentzia ororen aurka. Ez da berria. Zorionez, Txile esnatu da, eta ez dirudi berriro lokartzeko prest. Aselen kasua kate luze eta astun bateko begi txiki bat baino ez izateak, ordea, ez dio kentzen daukan garrantzia. Adierazpen eta kontzientzia askatasunaren aurkako eraso orok bihurtzen du txikiago denon askatasuna. Hitza da idazleen arma, eta hala izaten jarraitu behar du.

Horregatik, garrantzitsua da Aselen kasuak aurrera egitea eta nazioarteko justizian bide luze hori egiteko aukerarik ez daukaten beste askorentzat aurrekari bat ezartzea. Horregatik eskatzen dizuegu giza eskubideen alde zaudeten duzuen guztioi ahal duzuen moduan lagun dezazuela kasu honen bidea arintzen.

Zure atxikimendua adierazi.

Mila esker Aselen eta haren lagun eta senide guztien izenean!