Kategoriak
Poesia

Olerkia kartzelatik

Zalantzatan egon naiz baina hemen ere argitaratzea erabaki dut, elebitan. Hau da kartzelan nengoela idatzi nuen olerkia. Txilen izandako esperientzia laburbiltzen du, Txile da neska bortxatu hori, baina inspirazioan Vanek zerikusi handia izan du. Beraz, neurri berean herri honi eta Vaneri eskainita dago.

Neska lirain bortxatua

Neska lirain hori,
zure gorputz beltzaranean
alderantzizko bidaia eskaini zenidana;
zure zango luzeetan gora,
zure belauneko gailurretik behera,
haran arteko laku gardena
eskaini zenien nire begi
liluratuei,
eskuzabal,
ahalkerik gabe.
Besoak goratuta,
adats iluna nahastu,
tontor paregabe elurtuak
begientzako opari,
zilborrean etzaten utzi
eta paradisua zabaldu zenidan
urtebetez horditzeko,
zorionak zorabia nintzan.

Neska lirain hori,
ez zara zure buruaren jabe.
Aske itxuraz eman zenidan
amets haragizkoak
jabea zeukan
eta kateak
ezkutatu zituen zure azal azpian.
Jabe zitala,
borrero doilorra,
txakur zaindari koldarra,
egiaren beldur
zure altxorrak ukatu nahi
dizkidana.
Ez utzi bortxatzen,
ez utzi gezurrari
zure adorea otzantzen.
Altxatu gorputz luze eta lirain hori,
sabelean marichiweu tatuatu zuen
leinu zaharraren jakinduria,
kemena,
sen matxinoa
atera eta
lot nazazu zure larruari,
ez utzi urruntzen
bihotzari taupada berria
eman dion gerri kartsutik.
Bion artean, zin dagizut,
mozorroa erantziko diogu
egunero bortxatzen zaituen
arima saltzaileari.
(2010-1-19, Temukoko kartzelan)

Utzi erantzuna