Herriok egiten dugu hizkuntza, hura darabilgun egun bakoitzean egin ere. Aldi berean, hizkerak herriok egiten gaitu, hura darabilgun egun bakoitzean egin ere. Ondo dakite hori menderatzaileek, kultura okupatzaileek, irabazleek.
Txilen nagoen honetan, berriz ere etxean utzitako hizkuntza okupatzaile berarekin egiten dut topo egunero, irabazleen hizkuntzarekin. Gaztelaniarekin. Hemen eta han hizkuntza menderatuen hiztunek derrigorrez erabili behar dute menderatzaileen hizkuntza, eta bere egin hizkuntzarekin batera datozen balioak, munduaren ikuspegia… Herri zapalduok, beraz, egunero egiten dugu zapaltzaileen hizkuntza, eta zerbait ematen diogu, apika. Baina derrigorrezko hizkuntza hori nahikoa ez eta menderatzaileek herri zapalduok egiten gaituen hizkera ere asmatzen dute, ezartzen digute egunero, eta guk hizkera horren azpian dagoen mezua geureganatu.
Txilen maputxeak dira Estatuarekin, lurren lapurrekin, europarren ondorengoekin borroka latzena daukatenak. Errepresiorik bortitzena pairatzen dutenak (aste honetan bertan kazetari bi atxilotu zituzten hemendik ez oso urrun delitu oso larria egiteagatik: Txileko armadak maputxeen lurraldean darabilen okupazio bortitzaren berri eman nahi izateagatik; to demokrazia…). Hemen, Araukanian, euren arbasoen lurretan, legeek Txile dela dioten honetan.
Beste kontu batzuk alde batera utzita, gatozen hizkera horretara, badagoelako oso “bitxi” egin zitzaidan zerbait. Oso ezagun egin zitzaidalako, hain zuzen ere. Txileko telebistak ikusten ditut egunero, eta gauza batzuei buruz denek darabilte hizkera bera. Esaterako, edozein arrazoirengatik baten bat atxilotzen dutenean (izan lapurra, izan manifestazio batean parte hartzen zuena), albistegi guztiek “antisocial” berba darabilte, hutsik egin gabe. “Unos antisociales asaltaron…”, “unos antisociales quemaron…”. Hutsik egin gabe eta ñabardurarik gabe. Gauza bera gertatzen da maputxeei dagokienez, albistegi guztietan hizkera bera: “el conflicto mapuche…”. Ez zaizue ezagun egiten? Niri berehala ekarri zidan “el problema vasco” delakoa gogora. Eta horrela daukagu barneratuta, horrela irensten dugu, horrela errepikatzen. Baina zer dago horren atzean?
Hizkera horrek hedatzen duen mezua argia da: gatazka dakartenak maputxeak dira, arazoa euskaldunak dira. Haiek dira gatazka, haiek dira arazoa! Nik, ordea, bestela esango nuke: maputxeentzat kolonoak direla arazoa, kolonorik gabe haiek gatazka barik bizi zirelako. Txile da gatazka. Eta euskaldunek zer arazo daukate Espainiarik edo Frantziarik gabe? Batere ez; gehienez ere edozein gizartek dauzkan arazoak (esaterako, oligarkia burges “euskaldun” peto-petoaren esanetara bizitzea herri osoa). Beraz, euskaldunontzat Espainia da arazoa. Agian hizkera geuk egiten hasteko garaia da, etsaien armak geure buruaren aurka erabili beharrean. Ea hedabideek noiz dioten “el conflicto chileno”, “el conflicto colono”, “el conflicto de los ladrones de tierras”, “el problema español”… edo antzekorik. Herri zapaldu bakoitzaren izenaren atzean egunero pairatzen duten (eta Ameriketan gure Europan baino askoz gehiago) giza aurpegiak daudelako, eta haiek, gatazka edo arazoa barik, irtenbidea direlako.
Marichiweu!
(2009-5-21)