Kategoriak
Komunikabideak

Hazten doa Txilen atxilotu duten Asel Luzarraga euskal idazlearen alkartasuna EHn zein Diasporan

euskalkultura.eus

2010-01-05

Atxiloketak oporretan eta urte aldaketa egun berezi horietan harrapatu zuen hainbat jende, baina pixkanaka gero eta informazio gehiago ari da iristen Txileko Temuco eskualdetik Asel Luzarragaren kasuaz eta gero eta ekimen gehiago ari dira sortzen Euskal Herrian zein bere Diasporan idazle euskalduna askatzea eskatuz, bere errugabetasunean oinarrituta eta, onenean, ‘gaizki-ulertu bat’ edo, bestela, ‘muntaia’ baten aurrean gaudela salatuz. Horrela esan du, esaterako, Gorka Luzarraga Aselen aitak, ezagutzen duten guztiek badutela “bere ideia bakezaleen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko jarreren” berri. Idazlea, egun Txilen bizi bada ere, aurretik Argentinatik ibilia da eta euskal kultur proiektuan parte hartu zuen bertan, euskal diasporako kideekin. Buenos Airesen, gaur arratsaldeko sei t’erdietarako deitu da alkartasun elkarretaratzea Txileko Enbaxadaren aurrean.

Leioa, Bizkaia. Hona Irune Berrok gaurko Berria egunkarian argitaratzen duen elkarrizketa, Lourdes Luzarraga Asel-en arrebarekin egina.

Preso sartu zutenetik, Asel Luzarraga nebarekin birritan hitz egin du telefono bidez Lourdes Luzarragak. Neba «shock egoeran» dagoela dio, «gertatutakoa ezin sinetsita». Temuco hiriko espetxean daukate Luzarraga, epailearen aurretik noiz igaroko zain. Presondegi hartako gainerako presoen aldetik «elkartasun eta maitasun handia» jaso duela azaldu dio Luzarragak arrebari. Eta Poliziaren tratua, halaber, «zuzena» izan dela kontatu dio. Horrek nabarmen lasaitu du Lourdes Luzarraga. Jazotakoa «gaizki ulertu baten ondorio» dela defenditu du, eta argi utzi nahi izan du nebak ez duela zerikusirik egozten dizkioten delituekin.

Zein da zure anaiaren egoera legala?

Txileko Justizia eta Barne Ministerioekin harremanetan gaude, baina prozesua motel doa. Hainbeste jai egun tarteko, ez da garai ona halako zereginetarako. Pixkanaka, ordea, badirudi elkarri ulertzen ari garela, harremanek bidea egin dutela.

Hemengo instituzio edo agintariengandik deirik jaso duzue?

Ez. Oraingoz bakar batena ere ez.

Baina Espainiak Temucon daukan kontsula zure nebarekin harremanetan jarri da, ezta?

Bai. Hasieran Aselek haren laguntza errefusatu zuela esan ziguten, baina ez zuen inondik ere halakorik egin. Gerora jakin dugu kontsulatua berarekin harremanetan jarri dela, eta esan diola ez dagoela akusazio zehatz eta formalik, ikertzen ari direla zenbait ekintzarekin loturarik izan duen.

Bihar pasatuko da epailearen aurretik. Abokatuak zer dio?

Itxaropentsu dago. Ez dago akusazioei eusteko frogarik, eta orain Asel egiaz nor den azaldu behar diogu epaileari. Nire anaia giza eskubideen defendatzaile sutsua da, eta ezagutzen duen orok badaki bakezalea dela. Zenbait hedabidetan anaiaz eman duten irudia okerra da oso. Ez da gaizkilea.

Utzi erantzuna