Esan daiteke, AGEBk Aselen kasuan giza eskubideen urraketen zantzuak ikusi eta haren onargarritasuna ebatzi ondoren, baikorrak izateko arrazoiak badaudela. Auzia irabazteko bidea, berriz, luzea, zaila, nekagarria eta garestia da; eta ezinbestekoa, Aselek absoluzioa lortu, bere izena eta aurrekariak garbitu, eta Interpolen zerrendatik ezabatu nahi badu.
Albistea ematearekin batera, Jaime Madariagak ez zion errealitatea ezkutatu Aseli: aurrera jarraitzeko, ezinbestekoa da babesak lortzea, nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeenak, ahal izanez gero. Hori jakinda, bere eremu naturalean bilatu zuen laguntza Aselek, idazleen artean, eta berehala etorri zitzaion EIEko presidente Garbiñe Ubedaren erantzuna. Harekin batera, Euskal PEN Kluba ere prest agertu da zerbait egiteko, eta hasi dira gauzak mugitzen.
Zer egin pentsatzen hasita, kasua berriz bistan jartzeko bideen eta bestelako laguntzen bila hasi ziren 2019ko abenduan bertan. Kanpaina horren emaitza da web hau berau, eta euskal idazle eta artisten artean zabaldutako deia. Erantzuna berehalakoa izan da eta, hasi orduko, 80 atxikimendutik gora lortu dira, haien artean euskal kulturako izen oso ezagunak, hala nola Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Juantxo Skalari, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Ana Galarraga, Harkaitz Cano, Asier Serrano, Koldo Izagirre, Joxe Azurmendi, Itziar Ituño… Eta, noski, hasieratik lehen lerroan jarri diren Garbiñe Ubeda, Fito Rodriguez, John Andueza, Kote Camacho, Urtzi Urrutikoetxea eta Dabid Martinez.
Erakundeen aldetik ere, babes garrantzitsua jaso da, AGEBn pisu politiko handia izan dezakeena: Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernandez prest agertu da kasuan laguntzeko.
Orain arteko bidea luzea eta motela izan bada, ez da laburra ez arina izango aurrean zabaltzen dena. Funtsaren gaineko fasea hasten da orain, lan handia behar duen txostena eskatzen duena lehenik eta, kasuak aurrera egin ahala, Washingtonera egin beharko ditu bidaiak abokatuak, han baitauka egoitza AGEBk. Beste urte batzuetan luzatuko den ibilbidea, helburua auzi gutxik lortzen dutena erdiestea: kasua Amerika arteko Giza Eskubideen Gorteraino iritsi, eta Gorteak Txileko estatua kondenatzea Asel Luzarragaren aurkako jazarpenagatik.
Abagunea, berriz, aproposa da. 2019ko urriaren 18an Txileko gizarteak eztanda egin zuen. Munduarentzat Latinoamerikako kapitalismo arrakastatsuaren eredu zen esperimentuari mozorroa erori zitzaion, eta ezkutatzen zuena geratu zen agerian: eskandaluzko gizarte-desberdintasuna, aberastasuna eta boterea lurjabe eta enpresaburu bakan batzuen eskuetan, errepresio basatia, jazarpen politikoa, giza eskubideen urraketa sistematikoa…, eta bide beretik jarraitzeko behar den guztia egiteko prest dagoen gobernu bat, Sebastián Piñerarena. Txiletarrek eurek ikusi dute hurbiletik maputxeek mendetan pairatu dutena. Ikusi ez ezik, euren haragian sentitu dute: ehunka dira Karabineroen eskuetan begiak galdu dituztenak, hainbat dira hildakoak, torturatuak, bortxatuak, desagertuak…, Pinocheten garaietatik hain gordinki ikusten ez zen terrorismo sistematikoaren pean, estatuaren babes osoarekin.
Orain Txileko hirietan egunero ikusten dena kate oso luze baten azken atala baino ez da, eta kate horretan, Aselen kasua begi txikitxo bat baino ez, inondik ere ez larriena, baina bai une hauetan nazioarteko giza eskubideen erakundeetaraino irits daitekeen bat, frogatzeko orain hedabide batzuk erakustera ausartzen diren apur hori urtetan isildutakoaren zati txikitxo bat baino ez dela.
Beste askoren ahotsak isilarazi dituzte estatuek; adierazpen eta kontzientzia askatasunaren, herrien eta kulturen aurkako erasoek ez dute etenik, eta 2009an Aseli gertatu zitzaiona eta are larriagoak zuri ere gerta dakizkizuke bihar, lehenago gertatu ez bazaizkizu.