Asel Luzarraga euskal idazle bat da, bere ideia eta idatziengatik Txileko estatuaren jazarpena jasan duena eta pairatutako bidegabekeriaren aurka borrokan jarraitzen duena. Web honetan kasuari buruzko informazio zabala aurkituko duzu.
Jazarpen historia baten hasiera
Asel Luzarraga idazlea 2009k abenduaren 31n atxilotu zuten Araukanian zuen etxean, Txileko Karabineroek antolatutako muntaia baten jomuga bihurtuta, Lege Antiterroristaren pean, maputxe herriari erakutsitako elkartasunagatik eta bere ideia eta testu anarkistengatik. Une harrezkero, jazarpen politiko, polizial, judizial eta mediatikoaren zurrunbiloan geratu zen harrapatuta.
Bidegabekeria judizialari aurpegi ematen
2010eko abuztuan, Temukoko epaitegiak Asel Luzarraga idazlea kondenatu zuen, aldez aurretik idatzitako gidoiari jarraituz. Txiletik alde egitera derrigortuta, bidea han bukatzen ez zela erabaki, eta estatuaren giza eskubideen urraketak salatu zituen, Ameriketako Giza Eskubideen Batzordean (AGEB) haren aurkako demanda aurkeztuta.
Bide luze baten lehen argi-izpiak
2019ko abenduan, Jaime Madariagak, Asel Luzarragaren abokatuak, albiste ona jaso zuen: AGEBk bere salaketaren onargarritasunaren alde ebatzi zuen. Onartuta zegoen kasua eta beste bide luze bat zabaltzen zen aurrean, jakitun absoluzioak baino ezin duela Interpolen zerrendatik atera eta antzeko beste mehatxu batzuen aurrean babestu. Izan ere, etxean egon arren, hamar urte geroago kondenak jarraitzen du haren askatasunak murrizten.
Eta orain?
Asel Luzarragaren giza eskubideen urraketaren zantzuak daudela onartuta, bide bat zabaldu dio AGEBk euskal idazleari. Bide bat, eta erronka berriak, aurrean aldapa luze eta gogorra agertzen baita oraindik, nazioarteko babesa eta baliabideak behar dituen aldapa, azken mailaraino iristeko.
Aske behar dugu Asel Luzarraga, erakutsi haren aldeko atxikimendua!
Asel Luzarragak pairatu duena ez da kasu isolatua. Herrien eta ideien aurkako errepresio amaiezinaren katearen begi bat baino ez da. Gutxi dira, ordea, Ameriketan AGEBn onartuak izateko aukera duten salaketak. Orain egunero ikusten dugu, garai batean maputxe herriaren eta anarkisten aurka bideratuta zegoen estatu-terrorismoa, Txileko herritar guztien kontra lehertzen. Aselen kasuak, beraz, leihotxo bat zabaltzen du Txileko estatua seinalatu eta haren kontrako presioa nazioartean zabaltzeko. Adierazpen eta kontzientzia askatasunak ez du jostailu bat izan behar estatuen apeten eskuetan. Horregatik, garrantzitsua da zure atxikimendua ere.