Bidegabekeria judizialari aurpegi ematen

Lehen gaua Padre las Casaseko ziegan eman ondoren, 42 egun eman zituen Asel Luzarraga idazleak Temukoko kartzelan, badaezpadako espetxealdian, gizarte-arriskua zelakoan eta ihes egin zezakeelakoan. Paradoxikoa zen haren egoera: haren gainean errotze-nazionaleko agindu bat eta Txiletik kanporatzeko agindu bat zeuden. Txilen geratzera zegoen behartuta, eta Txiletik alde egitera, aldi berean.

2010eko otsailean, espetxetik etxeko atxiloaldira igarotzea lortu zuen haren abokatu Jaime Madariagak eta, beraz, etxean harrapatuko zuen orduko lurrikarak. Gaitz erdi. Mugitzeko askatasun apur bat eman zien horrek, bai Jaime Madariagari, bai Aselen inguruko mugimenduari ere, aukera baitzuten telefonoz deitzeko, etxean bisitatzeko, baita elkarrizketatzeko ere, komunikabideek.

Prozesua irregulartasunez beteta egon zen; deigarriena, Fiskaltzaren txostenean Asel eta Vaneren armairua jasotzen zuen argazki bat topatzea. Izan ere, argazki horrek logelaren egoera jasotzen zuen, Karabineroak sartu aurrekoa, eta bertan ez zegoen Labocar-eko agenteek aurkitutako poltsaren aztarnarik txikiena ere. Formatu digitalean eskatu zieten argazkia Karabineroei, eta sekuentzia (ia) osoa eman haiek, hasieran horri uko egin ondoren baina, kasualitatez, argazki bakarra falta zen set hartan: armairua poltsarik eta su-itzalgailurik gabe jasotzen zuena, hain zuzen ere. Epaile batek agindu behar izan zien argazki hura ere emateko, eta hala egin zuten, baina fitxategia eskuz manipulatuta, hartu zen ordua ezkutatzeko.

Iritsi zen epaiketa, eta irregulartasunak ez ziren amaitu. Besteak beste, Karabineroen peritu kimikoak bere txostenean jasotako informazioa aldatu zuen bere lekukotasuna ematerakoan, iradokitzeko Aselen eskuetan bolbora aztarnak aurkitu zirela. Zorionez, Temukoko Unibertsitate Katolikoko Kimikako katedradun batek erabat deuseztatu zuen froga horren balioa. Epaileek ez zuten behar, euren epaia hasieratik baitzeukaten idatzita. Beste peritu batek argazkiekin egindako amarrua frogatu eta denon begien aurrean Karabineroak sartu zirenean poltsarik ez zegoela agerian geratu arren, malabareak egin behar izan zituzten hiru epaileek euren arrazoibideetan Asel errudun jotzeko.

Kondena, ordea, guztien harridurarako, ezin laburragoa zen. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak eskatutako bost urteko espetxealdiaren aldean, 220 eguneko zigorra baino ez zioten ezarri, Aselek ordurako beteta zeukana. Horrela, libre geratzen zitzaizkion eskuak Estatuari Asel Txiletik kanporatzeko, hura izanik hasieratik haren asmo nagusia.

Hala, 2010eko urrian, beste kapitulu bat mereziko lukeen pasadizo batean, Vanek eta haren familiak Ngulumaputik (mendebaldeko Wallmaputik) Puelmapura (ekialdeko Wallmapura) atera zuten Asel Andeetan zehar, azkenean Euskal Herrira itzultzeko hegaldia har zezan, Buenos Airesen.

Ofizialki, munduarentzat, han amaituko zen auzia: Asel errudun, kondenatuta Karabineroek bere etxera eramandako gauzak edukitzeagatik, Txiletik kanporatuta, eta Euskal Herrian libre, zigorra beteta. Asel Luzarragak eta haren abokatu Jaime Madariagak, ordea, ezin zioten porrotari amore eman eta, 2011n, demanda bat aurkeztu zuten Amerika arteko Giza Eskubideen Batzordean Txileko Estatuaren aurka, Aselen giza eskubideak urratu izanagatik. Haien arabera, Txileko estatua aurreiritzietan oinarritu zen Asel jazartzeko (euskalduna, anarkista eta punka izatea, hots, Aselen jatorria eta pentsaera), haren adierazpen askatasunari egin zion eraso, Aselek idatzitakoak baitziren bera atxilotzeko oinarri bakarra, eta haren ohorea eta izen ona kaltetu zituen.

Beste bide luze bat zabaltzen zen aurrean, AGEBk kasu bat onartzea ez baita erraza, eta kasu gutxik lortzen baitute haren onargarritasuna.

Bide judizialaz gain, Aselen arma nagusia hitza izanda, 2011n Gezurra odoletan (Txalaparta) argitaratu zuen Euskal Herrian, kartzelan hasitako nobela, fikzioaren bidez Txilen anarkistek eta maputxeen jasaten duten estatu-terrorismoaren berri emateko. Geroago gazteleraz ere argitaratuko zioten Argentinan (Tren en Movimiento) eta Txilen bertan (LOM), La mentira en la sangre izenburupean. Baina fikziotik harago, Los buenos no usan paraguas (Desmontando un montaje, desnudando al Estado) ere argitaratu zuen Txilen (QuimantĂș), Euskal Herrian (DDT-Sorginkale) eta Argentinan (CĂșlmine), Txilen bizi izandakoa xehetasunez kontatzeko eta Estatuari, kartzelari eta justiziari buruzko hausnarketa egiteko, kronikaren, autobiografiaren eta saiakera politikoaren arteko liburuan. Bide asko aurkitzen ditu egiak argitara agertzeko.

Jazarpen historia baten hasiera
Bide luze baten lehen argi-izpiak