2010-10-12
aselluzarraga.com
Honakoa Txileko komunikabideei bidalitako adierazpenaren euskararako moldaketa da (lantxo hau hartzea zor nizuen). Eskerrik asko Euskal Herrian, Argentinan, Uruguain, Txilen eta Wallmapun bertan…, zein ere den bultzatu zaituzten arrazoia, hainbeste eman didazuen guztioi.
Asko dira gizon eta emakumeak bidaiarazten, errealitate batzuei hurbildu eta besteetatik urrunarazten dituzten zioak. Ez dira gutxi orain arte munduan hara-hona eroan nautenak, gehienetan buruan asmo bera neukala: interesatzen zitzaizkidan errealitateak ezagutu ondoren etxera itzultzea. Beste garai batean nire etxea bakarra zen, hemen Euskal Herrian. Txilek, ordea, hori dena aldarazi zuen. Hango lurretara hurbiltzeko erabakia harrezkero nire neska-laguna (inoiz imajina nezakeen onena) izango zenarenganako maitasunak eragin zuen. Han, Wallmapuko bihotzean, lehenengo aldiz eduki nuen neure etxetzat, neure beste etxetzat, sentitu nuen beste leku bat. Eta, guztiaren gainetik, beldurrak utziarazi zidan zoriontsu sentitzen nintzen tokia, hango errealitatea, aurreko bizipenetan aurrekaririk ez zeukan jazarpen politikoa, gertutik ezagutu arte sekula bizi izan ez nuena. Neure gogoz alde egin ahal izan nuen, behintzat, hasieratik nahi zuten kanporatzea gauzatu baino lehenago.
Orain etxera, bestera, itzuli naiz, eta azkenean seguru sentitzen naiz. Orain erlaxatu, lasai lo egin, sentitu eta nahi dudan bezala hitz egin, are han nor sartu eta zer eroan edo utziko duen buruan izan barik etxea zaintza barik utz dezakedala sentitzen dut. Izan ere, 2009ko abenduaren 31 harrezkero poliziak, agintari batzuen esanetara, ideien eta hitzaren munduari emana bizi zen idazle baketsu bat, delitu izugarriak, hots, euskal jatorrizkoa, pentsaera anarkistakoa, punka eta maputxe herri jazarriarekin solidarioa izatea egotzita, terrorista bihurtzea erabaki zuenetik, Barja komandanteak koordinatutako polizia indar haiek, Labocar-eko Victor Hugo Blanco kapitainaren jakintzaren bidez, bulegoren batean erabakitakoaren benetako zioak nire gelako armairuaren gainean inoiz ikusi ez nituen frogak jarriz mozorrotu zituztenetik, Txileko komunikabide leialek behin eta berriz herrian lehen aldiz sartu baino lehenago gertatutako leherketei lotuta egotea leporatu zidanetik, lasaitasuna, segurtasun sentipena berreskuratzea ezinezko bihurtu zen handik urrun izan ezean. Are gehiago, ebidentzia guztien gainetik, hiru epailek normaltzat jo zutenean Victor Hugo Blanco kapitainak tokian hartutako argazkiak manipulatzea, batez ere polizia sartu aurretik leporatutako gauzak ez zeudela frogatzen zuena; baita polizien kontraesan eta gezur ugariak ere, bereziki Sipolcar-eko Marcos Gaetek asmatutakoak, berak egun batzuk lehenago existitzen ez zirela zin egin zuen bideoen bidez agerian utzitakoak. Nire errugabetasuna agerian utzi zituzten lekukotasunak, aldiz, ez zituzten aintzat hartu. Ezta Fiskaltzak akusatuaren eta leporatutako gauzen arteko loturarik ezartzeko gai ez izatea ere. Frogatutako lotura bakarra gauza haiek, hiru polizien hitzetan, “bertan zeudela” izan zen, haiek izan baitziren espezieak armairuaren gainean ikusi zituztela aitortu zuten bakarrak. Halaber, ez zuen garrantzirik izan, hiru epaile haientzat, agenteen euren lekukotasunek agerian uzteak segurtasun protokoloari ez zitzaiola inoiz jarraitu, batez ere, kontuan izanda lehergailua izan daitekeela uste den objektu ustez ezezagun bat aurkitzerakoan protokolo hori derrigorrezkoa dela (dirudienez, objektu hura ez zuten, ez, hain ezezagun). Horiek guztiek ez dute axola xede bakarra pertsona bat kondenatzea denean, horrela kanporatua izan eta dena bertsio ofizialen araberakoa izan dadin. Fiskaltzak eskatutako bost urteen aurrean (gogoratu behar da hasieran hamar urtetik gora eskatu zutela, Terrorismoaren aurkako Lege malapartatua ezarri nahi zidatenean), emandako 220 egun horiek berez hitz egiten dute epaileek benetan susmatu arren ebazteko kemenik izan ez zuten inozentziaz.
Antzeko zerbait gertatzen da kontua maputxe komuneroak kriminalizatzea denean. Victor Hugo Blanco kapitainakberak, bere ohiko eraginkortasunez, sortuko ditu miaketetan topatu beharreko frogak. Seguruenik, Santiagon ere haren parekoak dauzkate, gidoiak anarkisten eta okupen buruak eskatzen dituenean. Garrantzitsuena “gizartearentzako arriskuak” giltzapean egotea da. Lortuz gero, geroago dagozkien muntaiak agerian geratu arren, denak aske utzi behar badira ere, ez du axola, jendeak azkar ahazten du eta aurrerantzean ere pentsatuko dute, antzeko kasuren bat gertutik ezagutu badute, salbuespenak direla, ez ohiko jarduna.
Seguruenik, Txilen idaztea lanbide arriskutsua dela ikusita, batez ere egia islatzen tematzen diren burugogorrentzat, ez dut berriz izango hango lurretan bizitzea. Zoritzarrez, txiletar herriak, egiazko gizarteak, egunero lan egiteko inoren izerdiaren ordez berea darabilen horrek, bere odolean eguneroko sufrimendua ezagutzen duenak, guztiaren gainetik irribarreari, abegi onari, umoreari eta maitasun gaitasun itzelari eusten dionak, utzi didaten baino denbora gehiago merezi duelako. Zoritxarrez, Wallmapun urte eta erdiz bizi ondoren, ez dudalako maputxe komunitaterik barrutik ezagutzerik ere, jatorrizko herri horren errealitatea hurbiltzen den atzerritar orok berehala, terrorista ez bada, gutxienez susmagarri bihurtzeko arriskua daukalako. Maputxeen abegi eskerga garesti ordain daiteke.
Bidean dagoen helegitearen emaitza zein ere den (logikak aginduko balu aldekoa behar luke), askea naiz orain. Lehen baino apur bat gutxiago, zenbait pertsonak erabaki dutelako jaberik behar ez lukeen lur honetako zatitxo bat debekatuta daukadala, baina askea, azken finean. Beharbada, egunero bere barroteak hautatzen dituen herri eder hori baino askeagoa; izan ere, haiek ematen diete boterea maitasunaren eta askatasunaren handitasuna ezagutzen ez dutenei, diruarekiko maitasuna eta zapaltzeko askatasuna baino ezagutzen ez dituztenei. Eta askatasuna, besteak beste, urte eta erdi honetan gertatutakoaren egia ezagutarazten jarraitzeko erabiliko dut. Balio dezala egia horrek maputxe anaiei euren bizia bidezkoa dutenaren alde arriskuan jartzera eroan dituzten kasuei ere argi apur bat jartzeko, Santiagoko 14 atxiloketen atzean benetan ezkutatzen dena, Txilen ideiek egunero pairatzen duten errepresioa argitzeko.
Hau dena idatzi diet ez entzunarena egin duten Txileko komunikabideei. Zorionez, Euskal Herrian hainbat belarri, hainbat bihotz egon dira hasieratik egia ezagutu eta ezagutarazteko prest. Belarri eta bihotz horiek ahots ere bihurtu dira mezua ozen helarazteko. Berriz ere, zuen belarriak, bihotzak eta ahotsa baliatu nahi ditut gose greba luzeari aurre egin dieten peñi-ei, kartzeletan dauden preso maputxe eta anarkista guztiei, lagun on batek esango lukeen bezala, osasuna, maitasuna eta xamurtasuna helarazteko. Egunero irentsi nahi gaituen sistemak gutako azkenaren ahotsa isilarazten ez duen bitartean munduak itxaropena izango du.