2020-02-27
Fito Rodriguez
Terrorismoaren kalifikazioa edo hainbat etnia baztertuz, edozein gatazka egiantzeko (baina ez egiaztagarri) bihurtzearren balio dute, eta horregatik bilakatzen dira sinesgarri. Horixe da Asel kasuan bilatu zutena.
Asel Luzarragari gertatu zaiona kasu paradigmatikoa da. Gertatutakoa gertu ez bada ere gugan gerturatzea merezi du. Bertan agerian ikus baitaitezkete Estatuen amarruak alde batetik eta giza eskubideen kontrako erasoen amorruak bestetik… urruti baina gertu, han eta hemen.
Asel Luzarraga idazlearen aldeko kanpaina abian jarri dugu idazleok, musikariok eta sortzaileok, instituzioen laguntza erdiesteko eta, aldi berean, haren abokatuak (Jaime Madariaga) ordaintzeko nahiz baliabideak behar bezala eskura ditzan.
Aselek gertakizun txar bat bizi behar izan zuen duela hamar urte Txilen maputxeen alde idazteagatik. Labur adierazita, armak edukitzeagatik (bertako poliziak bere etxean jarriak) terrorista izatea leporatu zioten eta, bide batez, hori zela medio, maputxeen mugimendu osoa zikintzen (terrorismoarekin lotzen) saiatu ziren. Asel, preso eduki eta gero, Txiletik kanporatu zuten. Horrezaz gain, Interpoleko zerrendan ere sartu zuten eta hor dago oraindik ere. Gerra operazio zikina izan zen eta Aselek salaketa jarri behar izan zuen Txileko estatuaren aurka. Hamar urte pasa ondoren, bere kasuak portu on batera iritsi da: Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrera, eta honek onartu dio aipatu salaketa. Jakin behar da, gainera, orduan bere kontra aritu zen fiskala eta hainbat polizia ere prozesatuta daudela gaur egun halako operazioa burutzeagatik.
Terrorismo kontzeptuari buruz, honela zioen Toni Negri irakasleak dagoeneko desagertutako Artelekun (20/04/04): «Gertakari historikoen errukigabetasunak zein Estatuaren krudeltasunak bultzatuta, aurkaritzatik terrorismorako jauzi bihotz-gogorraren murriztapena pairatu duten guztioi dagokigu mehatxu honen soka ezin gogorragoa apurtzea». Hori bai, «mehatxu honen soka ezin gogorragoa apurtzeak» ohiko hizkeraren erabilpenarekiko jarrera kritikora garamatza, besteak beste, baita gure kasuari gagozkiolarik terrorismo kontzeptuaren eta haren erabilpen sozialera gerturatze teoriko zein esperimentala egitera ere. Goazen, bada.
Badakigu, jakin, egungo gizarteetan botereak zilegitasuna eskuratzen dutela informazioen monopolioz eta diskurtsoen erabilera direla medio. Boterea eraiki, garatu eta birsortu egiten da errealitatearen bere bertsioa «naturalizatuz», hau da, bere ikuspegia eta arrazoia hegemonikoaren bidez. Egungo egoera komunikatiboan, berriz, kolokan jarri ohi dira boterearen sinesgarritasuna eta bertsio hegemonikoak.
Bertsio ofizialek, noski, sinesgarri eta errepikakorrak behar dute izan, baita gizartearen aurretiko estereotipoekin bat joatea ere (euskalduna baldin bada terrorista eta maputxeen alde bada, maputxeak ere terroristak dira).
Terrorismoaren kalifikazioa edo hainbat etnia baztertuz, edozein gatazka egiantzeko (baina ez egiaztagarri) bihurtzearren balio dute, eta horregatik bilakatzen dira sinesgarri. Horixe da Asel kasuan bilatu zutena.
Informazioa zabaltzerakoan, errealitatea moldatzeko sistemak mekanismo zehatz batzuetan oinarritzen dira sinesgarri bilakatu, gure garunak, Joseph Goebbelsek ongi zekienez,zenbat eta errepikatuago izan, orduan eta sinesgarriago bihurtzen baitu. Baina gezur horrek, berriro diot, sinesgarria behar du izan, eta susmoak, azkenean, sineskizun bihur daitezke.
Hori ulertzeko, orain aldeko soziologia deritzana da landu egin beharra dagoena, zeren erabilitako susmo sinesgarri haiek gizarte aztertzeko dute berezko balioa. Haien bidez ikusiko dugu zer-nolako ikuspegi irrazionalak edo sinesgaiak egiten diren planteamendu desberdinen aurrean gaudenean eta, horren arabera, jakiteko jendeak zer pentsatzen duen.
Egungo egoera komunikatiboan, berriz, kolokan jarri ohi dira boterearen sinesgarritasuna eta bertsio hegemonikoak. Aselen kasuak Estatuak «terrorismoa» kalifikazioaren erabilera agerian utzi du eta krisian dago haren sinesgarritasuna.
Gaur hedabideek ezin dute berreskuratu boterearen izenean hitz egin ahal izateko galdutako gaitasuna. «Terrorismoa» gehiegi erabili ohi dute, han eta hemen, Txilen, Europan zein Asian edota Afrikan…eta, ondorioz, edozein informazioren aurrean, bere sorburuaz edo mezuaz, behar diren gogoetak egitea ezinbesteko ariketa bilakatuko zaigu.
Aselen kasuan Estatuak «terrorismoa» kalifikazioaren erabilera, bada, sasoi honen sintoma baino gehiago izan da, botere-harreman berrituaren erakusle ditugu, non, ondo bidean, Estatua bera (Txile, momentuz) errudun gisa gera daiteke Giza Eskubideen Nazioarteko Gorteetan.
Horretarako, jakina, dirua beharra dago eta hauxe dugu helburu horretarako irekitako kontu korrientea: ES38 2095 0314 3091 1964 6098
Hasieran, terrorismo kontzeptuaren erabilera gaiztoa geratuko da agerian baina, horrekin batera, Interpolen zerrenda beltzen erabilera bera auzian jarriko da eta azkenik, XX. mendean zehar ohiko bihurturiko botere harremanak aldatzen hasiko gara XXI. mende honetan sinesgarritasun eta hegemonia berriei bidea emanez.
Hala balitz, eta balego, Toni Negrik Donostian salatu zuen jokaera perbertsoa: «Zoritxarrez Estatuak lortu du disidentzia guztia terrorismoarekin parekatu ahal izatea», aldatzen hasiko gara. Ahaleginak merezi du. Zatoz gurekin batera.