Jaime Madariagak, Asel Luzarragaren abokatuak, Txileko Estatuaren aurkako demanda jarri zuenean, bazeukaten euren alde jokatzen zuen karta bat: ordurako, Jaime Madariagak berak eraman zuen kasu batean, Amerika arteko Giza Eskubideen Batzordeak (AGEB) Aniceto Norín eta Pascual Pichun lonko (buruzagi) maputxeen kasua onartu, eta salaketa jarri zuen Txileko estatuaren aurka Amerika arteko Giza Eskubideen Gortean. 2014an, azkenean, Gorteak Txile kondenatu zuen, haien kontrako epaia arrazakerian oinarritu izanagatik. Kasualitatez, lonkoak kondenatu zituzten hiru epaileetatik bik osatu zuten Asel kondenatu zuen epaimahaia. Beraz, aurrekariak zeuden defendatzeko epaile horien epaia aurreiritzietan oinarritu zela Aselen kasuan ere, eta ez argudio juridikoetan.
Holako kasuen bidea motela izaten da eta, 2016an, ordua iritsi zitzaion AGEB Aselen kasua aztertzen hasteko. Protokoloari jarraituz, 2018rako Txileko gobernuak bere argudioak aurkeztu zizkion AGEBri, eta Jaime Madariagak argudio horien aurreko erantzuna prestatu zuen hurrengo hiletan.
Bitartean, Aselen alde hasi zen haizea berriro ere: 2018an, Huracán operazioaren barruan, Txileko Ministerio Publikoa Karabineroen jarduna ikertzen hasi zen. Hariari tiraka, berehala zabalduko zen Karabineroek sare bat osatu zutela maputxeen kontrako muntaiak prestatu eta komuneroak akusazio faltsuen pean atxilotzeko. Eta, operazio horretan auzipetu zituztenen artean, kasualitatez, Aselen aurkako muntaia zuzendu zuten Sergio Moya fiskala eta Karabineroetako hainbat agente agertu ziren, hala nola Labocar-eko (Karabineroen Laborategia) Héctor Carrasco kapitaina eta Sipolcar-eko (Karabineroen Inteligentzia Zerbitzua) Patricio Marín Lazo eta Marco Gaete Truán.
Aselek, haren abokatuak eta haren ingurukoek salatutako muntaiak gorputza hartzen zuen, Txileko hedabideek ahaztu nahiago izan badute ere. Beraz, abokatuak aukera izan du, AGEBri bidalitako erantzunean, egoera hori ere jaso eta, azkenean, muntaiaz hitz egiteko aho betez.
Jaime Madariagaren erantzuna aztertu ondoren, haren argudio guztiak ontzat eman eta, 2019ko abenduan, kasuaren onargarritasunaren aldeko ebazpena eman du AGEBk, Aselen giza eskubideak urratu izanaren zantzuak ikusita. Urratsik zailenetako bat dago emanda, beraz: kasua AGEBren eskuetan dago. Bidea, ordea, luzea da oraindik. Amaierara eraman gaitzzakeen hasiera berri baten aurrean gaude.
Bitartean, gainera, ezusteko desatseginetarako tartea ere egon da. 2019ko otsailean, Asel Buenos Airesa itzuli zen, 2012tik 2017ra bitartean bertan bizi ondoren, bere lagunak berriz ikusi eta gaztelaniara itzulitako hirugarren eleberria aurkeztera. Ordukoan, ordea, espero ez zuen albistea jasoko zuen Argentinako aduanan. Lehenik, sartzean, Ezeizako aireportuko aduanan, agenteek haren pasaportea hartu eta ordubetez eduki zuten Migrazio Bulegoan, arrazoiak argitu gabe pasatzen utzi zioten arte. Lehenago, berriz, hurrengo hiru asteetan ostatu non hartuko zuen, nondik mugituko zen eta zein hegalditan alde egingo zuen azaldu behar izan zien. Harritzekoa, Aselek Argentinan bizileku-baimen iraunkorra daukala kontuan hartuta. Azalpena itzulerako hegaldia hartu nahi izan zuenean emango zioten. Orduan ere, Aselen pasaportea hartu eta Migrazio Bulegoan atxiki zuten hogei minutuz. Eragozpen haiengatik haserre, berarekin hola jokatzeko arrazoiaz galdetu zien agenteei eta, azkenean, argibideak etorri ziren: Aselen izena Interpolen zerrendan agertzen da, terrorismoari lotutako delituengatik eta, beraz, Interpolek aurrera jarrai dezakeela adierazi arte, ezin diote aduana gurutzatzen utzi. Zerrenda horretan agertzeak, besterik gabe, sartzen ez uztea eta zuzenean Europarako hegazkin batean sartzea esan nahi lezake beste herrialde batzuetan, Damoklesen ezpata bat aurrerantzean, munduan mugitzeko askatasuna erabat murrizten diona.