Kategoriak
Komunikabideak

Asel Luzarraga idazle eta blogari euskalduna atxilotu dute Txilen

Sustatu 2010-01-01

Asel Luzarraga idazle eta blogari euskalduna atxilotu dute Txilen terrorismoaz akusatua. Kargu zehatzak ez zaizkio leporatu, baina epaileak urtarrilaren 6a arte luzatu du behin-behineko atxiloketa epea. 2008ko abendutik Txilen bizi zen Luzarraga, itzultzaile gisa legalki lanean. Kontrainformazioko gune txiletar honetan, berriz, montajea salatu dute.

2008ko abendutik 2009ko abendura Txileko Araucania eskualdean izandako indar gutxiko lau leherketa saiorekin lotzen omen dute Luzarraga gaiaz informatzen duten Txileko hedabideek. El Mundo egunkari espainiarrak ere informatzen du eta Luzarragaren joera politiko edo afizio batzuei buruz idatzi dute: punk musikaria dela, anarkista dela, maputxe indigenen borrokan inplikatu dela. Luzarragaren Interneteko idatzietan kontu horiei buruzko idazkiak topatzen zaizkio (punka Txilen, anarkismoa, indigenen eskubideak), baina zabaldutako albisteetan ez da argitzen ustezko atentatu saiakerek gai horiekin harremanik duten ala ez.

Txileko Hommodolars kontrainformazio gunearen arabera, berriz, Luzarragarekin egin dute montajea da, eta aurrekariak izan dira beste atxilotu batzuekin.

Zenbait eleberri idatzi izan ditu Asel Luzarragak, eta bi blog ba ditu euskaraz, bata Goiena.net komunitatean, eta bestea Gorri Beltzean, WordPressen. Biak aktibo izan ditu hilabete hauetan Txilen izan den bitartean.

Utzi erantzuna