Jazarpen historia baten hasiera

2009ko abenduaren 31n, Txileko Poliziak, Karabineroek, Asel Luzarraga euskal idazlea atxilotu zuten Araukaniako Padre las Casas hirian zeukan etxean.

Asel Luzarraga Buenos Airesen zegoela ezagutu zuen neskarekin -Vanerekin- bizitzeko iritsi zen Temukora, 2009ko martxoan. Gorabehera handirik gabeko bizimodua zeraman bertan, Vaneren bitartez egindako lagunekin. Idazle anarkista eta punka izanda (Euskal Herrian Punkamine punk taldeko kantaria ere izan zen), hango gazte punk eta anarkistekin jarri zen harremanetan, eta, pixkanaka, maputxe herriak historikoki bizi izandako errepresio eta jazarpenaren berri izan zuen. Naturala denez, ezin izan zion egoerari ezikusiarena egin eta, jarduera anarkistetan parte hartzearekin batera, izan liburutegi batean, izan kartzelaren aurkako jarduera muralista batean, izan Karabineroek gazte maputxe bat hil izana salatzeko protestetan…, ikusten eta sentitzen zuenari buruz idatzi zuen bere orduko blogean.

Ez zuen espero artikulu horietako bi nahikoa izango zirenik Txileko agintarien jomuga bihurtzeko. Idaztea, ordea, ez da delitu Txilen, gaur gaurkoz, behintzat, eta, beraz, inteligentzia zerbitzuek delitua fabrikatu behar izan zioten. Hala, Temukoko epaile batek Aselen etxea miatzeko ahozko baimena ematea lortuta, bera bakarrik zegoenean haren etxean sartu, eta abagunea izan zuten, lekukorik gabe, Asel eta Vaneren logelan frogak jartzeko: su-itzalgailu bat, metxa batzuk, 7 gramo bolbora eta torloju batzuk, dena supermerkatuko poltsa batean txukun bilduta.

Bere inguruan zer gertatzen zen ulertu gabe eraman zuten Asel atxilo, fabrikatutako froga haiek aitzaki hartuta, hasierako asmoa anarkista intsurrekzionalistek zarata-bonbaz egindako lau atentatu leporatzea. Gehiegi ikertu gabeko akusazioa zen, ordea, berehala ikusi zenez, lau eraso horietako hiru gertatu zirenean Asel ez baitzegoen Txilen, haietako bi Santiagon gertatuak idazleak Txile inoiz zapaldu aurretik, 2008an, bera Buenos Airesen bizi zela.

Aselen atxiloketaren albistea azkar zabaldu zen, Txilen ez ezik, baita Euskal Herrian eta Argentinan ere, eta haren ingurukoen erantzuna berehalakoa izan zen, Euskal Herrian Askel (Asel Aske) plataforma sortzen zutela, mota guztietako jendeak osatuta (hor nahasten ziren senideak, lagunak, idazleak, musikariak, anarkistak, hackerrak, antimilitaristak… saltsa berezi batean). Hor ibili zen buru belarri Laura Mintegi, Euskal PEN Klubeko orduko presidentea, beste batzuen artean. Argentinan ere, Buenos Airesen, Asel ezagutu zutenak bildu ziren, bai lagunak, bai Argentinako euskal diasporari lotutako beste pertsona batzuk, Txileko enbaxadaren aurrean protesta egiteko. Idatziak bidali zituzten haren alde Adolfo PĂ©rez Esquivel Bakearen Nobel Saridunak, Ariel Dorfman txiletar antzerkigileak edo Unai Elorriaga euskal idazle eta Espainiako Narratiba Sari Nazionalaren irabazleak, besteak beste.

Asel ezagutzen zuen orok argi zeukan: eraiki nahi zen terroristaren irudia karikatura hutsa zen, euskalduna, anarkista, punka eta maputxeekin solidarioa izatea erabiltzen zituena ikara sortu behar zuen pertsonaia bat sortzeko. Muntaia hutsaren usaina zeukan guztiak.

Gauza bera iradokitzen zuen inteligentzia zerbitzuen txostenak berak, aipatutako artikuluak erabiltzen zituena Asel atentatuen susmagarri bihurtzeko, eta bertan jasotzen zen azpian ezkutatzen zen benetako akusazioa: Txileko gazteei ideia arrotzak sartzea eta eite publikoko jarduerak egitea. Nazioarteko lider anarkista ere bihurtzen zuten ezerezetik.

Bost egunez Terrorismoaren aurkako Legearen pean egon ondoren, bonben autoretza baztertu, eta akusazio bakarrak iraun zuen: Armen eta Lehergailuen Legea urratzea. Ez zen gehiago behar, kontuan izanda, bera atxilotu eta zazpi egunera, errugabetasun-presuntzio oro urratuz, Barne Ministerioak Asel Txiletik kanporatzeko agindua sinatu zuela. Argi zegoen zer bilatzen zuen Michelle Bacheleteren orduko gobernuak.

Bidegabekeria judizialari aurpegi ematen